Bigarren lan luzearekin dator Izaki Gardenak. Ia nahi gabe sortu zen proiektua 2012. urtean, Jon Basagurenek (ahotsa, gitarra) konposatutako kanta batzuk talde formatuan grabatzeko asmoz. Emaitza Itsasargiak (Oihuka, 2012) izan zen, amerikar kutsuko bost kantu eder biltzen zituen EP-a. Hurrengo urtean, denborarik galdu gabe, lehenengo luzea grabatu zuten: “Amaieratik hasi” (Oihuka, 2013).
Bi urte igaro dira eta talde barruan aldaketak eduki dituzte (Arkaitz Ezkai dago baterian Iker Fernandez-en ordez eta Eneko Zabalza-k hartu du Joseba B. Lenoir-ek gitarran zuen ardura), baina “Izaki”ren zigilua dago “Aurri gara” (Oihuka, 2015) hau osatzen duten 9 abestietan.
Lehenengo entzunalditik somatzen da mimo eta kontu handiz sorturikoa dela lan hau; koherenteago, trinkoago, atmosfera malenkoniatsu batekin eta gorabeherak leunduta ageri zaigu. Disko hobe bat, azken finean, euren soinu eta joerei uko egin gabe.
Erru handia izan du horretan Victor Sanchez-ek, berak gidaturiko Elkar estudioetan taldearen soinua ulertu baitu, babestuz eta indartuz. Teklatuak, ahotsak eta Eneko Zabalzaren gitarra-jokoak dira protagonista, baxu eta bateria oinarri bikain baten gainean eraikita.
Pauso sendoa, bere bidea egiten ari den talde honentzat.
El Juncal errepidetik Trapagara Z/G
Ugartena Poligonoa– Pabelloi 7
Telefonoa: 944 862 444
bizkaia@ama-lur.com
gipuzkoa@ama-lur.com
araba@ama-lur.com